2018(e)ko abenduaren 11(a), asteartea

29. Gizon prestu bat

Ellande, Bordaxuriko semea, Ameriketatik itzultzekoa zela herri guziko ahotan zen ('denek aipatzen zuten'), berria hedaturik sua lastoan ('ahotzean') bezain laster. Batzuek erraten zuten aberats okitua ('aberats-aberatsa'), urrez hantua ('handitua', 'hanpatua', 'hazia') zela. Bertzeek, sos ('diru') puska bat eginik, funts ('etxalde', 'lur') baten erosterat eta emaztegai baten bila heldu zela ('zetorrela'). Bekaizkorrek ('bekaiztiek'), aldiz, arditik ('pezetarik') ere ez zuela. Horra, mihitan zebiltzan ('ahotan izan') erran-merranak ('esamesak'), zenbaitetan ahapetik, bertzeetan goraki ('ozenki') eta deblauki ('ezbairik gabe' 'batbatean'). 

Bazterretxeetako (baserrietako) eta Karrikako ('Kaleko') neskatoak inarrosiak ('asaldatuak', 'urduri') zeuden, eta ez zuten beste solasik, berri hori entzunez gero. Ametsetan zebiltzan arrakastarik izanen ote zuten amerikanoaren begietan. Karrikakoak, lakrikunak ('pertxentak' 'pinpirinak' 'pospolinak') eta aberastu nahiak, hasi ziren panpinatzen ('apaintzen'), eta ezpainak poxiño bat ('pixka bat') gorritzen ere bai, arrotzaren behakoa ('begirada') finkarazi nahiz beren begitartean ('aurpegian'). 

Eta horra non udaberriko igande atsalde eder batez agertzen den herriko plazan, gazteria dantzan ari zelarik, gizon galant ('eder') bat, gorputza lerden ('eder'), berrogei bat urtetakoa, txapelduna eta soineko ederretan. Ostearen ('jendearen') behakoak harengana zihoazen, eta ea nor ote zen denak ari ziren galdeka. 

 2 
Jin ('etorri') berria hurbiltzen zaio eiherazainari ('errotariari') -gizon lodi bat zen, pipa ahoan, izterrak zabalduak, besoak gurutzatuak, dantzariei so ('begira') zegoena-, eta eskuak haren sorbaldetan ezarririk, erraten dio bat-batean: 

- Ez nauk ezagutzen, Piarrex? - To, deabruen arima! Ellande ote haiz? Erraten dio eiherazainak. - Bai, bai, berbera, ihardesten ('erantzuten') dio besarkatzaileak. - Bagenekian, bai, jin beharra hintzela, baina hain jaundua ('apaindua', 'dotoretua') ikustean burutik ere ez zitzaidaan pasatuko nor hintzen. - Bai, gizona, hemen nauk, eta betiko, ez itzultzekotan jina. - To, haugi ('hator') pinta baten edatera, zer deabru ('zer arraio')! Hire agertzea behar diagu ohoratu ('ospatu'). 

Ostatutik itzultzean, Ellandek hogeita bi urtez ikusi ez zituen dantzak nahi izan zituen erreberritu ('berritu'), eta ddantza jauzia ('saltoa') hasi zelarik, bera ere sartu zen lerroan, bai eta ederki dantzatu ere, herritik lekutu ('joan', 'urrundu', 'desagertu') ez balitz bezala, bere gazterian bezain trebe eta arinki. 

Ellande hemezortzi urteetan joana zen Argentinako zelaietara, begiak negarretan, eta Buenos Airestik urrun sartu zen artzain mutil euskaldun baigorriar batekin. Mutiko prestua eta langileak hilabete bakoitz ('hilero') altxatzen ('gordetzen') ahal zuen dirua bere ama gaizoari igortzen zion, sekula huts egin gabe.  

 3 
Emeki-emeki, sos pilixta ('multxo') bat bildurik, artalde baten jabe egin zen, eta gerla handiaren denboran ('lehen mundu gerraren denboran') ardiak nahi zuen prezioan saldurik, itzultzen zen bere sortxokora ('sorlekura'), ez aberats okitua, baina bizia aiserian ('lasaitasunean') iragateko doian (moduan), eta etxalde baten erosteko xedean, bere betiko ametsa erdiesteko. 

Bazen herrian bazterretxe ('baserri) baten ondasunak saltzekoak zirenak, jabeak biziaren gorabeheren ezinbertzeak lekuarazten zituenak, eta erosi zituen funts ('lur') eder horiek, pentze ('belar-soro') eta alor nasaiak ('zabalak'), oihan puska batekin, bazterretxe polit bat erdian. 

Ellande ez zen batere handinahi ('handi-mandi', 'harro', 'askonahi') horietarik; aitzitik, lainoa ('xumea') eta langilea, aitzurrari lotzeko lotsatzen ('beldurtzen') ez zena. Eta txapel hegalduna eta jaunsoinekoak alde bat utzirik, atorra-has, hasi zen bere funtsen lantzen eta zaintzen, ardi eta behi hazten larreetan eta pentzeetan, urbideak eginik hauen ontzeko eta edertzeko. Hots, Ameriketan ikasi zituen irakaspenak jarraikiz. 

Herri guziaz maitarazi zen, baina gure gizona ez zen etxalde baten nagusi bakarra izateko sortua. Donadogoa ('mutilzahargoa') hits ('triste') zitzaion, huts bat kausitzen ('aurkitzen') zuen bere inguruan, eta azkenean ohartu zen dohatsu ('zoriontsu') izateko emazte bat behar zuela, etxea haren eskuetan ezartzeko ('paratzeko', 'jartzeko'). Eta hasi zen xede ('helburu') horretan emaztegai baten bila, baina ez zuen nolanahika ('edozein modutan') bereizi bere laguna. 

 4 
Azkenean bere begiak finkatu zituen auzoko neskato adin bateko plantako batean; langilea eta etxe baten xuxen ibilarazteko datekeen emazte hauta ('bikaina'). Ezteiak ospe handian egin zituzten, eta gain hartan kokatuak, Argainberriko bazterretxe xuri-xurian, iturriño bat saihetsean, intxaurrondo baten itzalean, pentze eta alorren erdian, beren funts ederretan bizi dira senar-emazteak dohatsuki, Pariserat manatu ('agindu') etxeko premuaren ('oinordekoaren') igurikan ('esperoan').

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

45.Aditza aldatu 2