2018(e)ko abenduaren 11(a), asteartea

4. Testua zuzendua (paperean)


Landabengo VW eta sindikatuak erregulazioa negoziatzen hasiko dira
Multinazionalak zortzi egun itxi nahi du fabrika, motorrak falta zaizkio-eta. Sindikatuek ahalik eta kalterik txikiena egin nahi diete langileei
Volkswagenen lantegia, Iruñeko Landaben poligonoan, artxiboko irudian.
0
Diesel motorren salmentaren beherakadaren ondorioak iritsi dira Euskal Herriko lantegi handienera ere, Landabengo Volkswagenera. Multinazionalaren zuzendaritzak fabrika zortzi egunez ixteko asmoa du, ez baitu nahiko motorrik Poloetan muntatzeko. CO2 isurketak zorrotzago neurtzeko ezartzear dagoen WLTP sistemak ere eragin du eskasia. Landaben ixteko iragarpenak harri eta zur utzi ditu sindikatuak. Gaur dira hastekoak langileak aldi baterako erregulazioan uzteko negoziazioak, edo, beranduenez, bihar.

Sindikatuek negoziazio taldea aukeratu zuten atzo. Hamahiru lagun dira, zuzendaritzarekin lan hitzarmenaren berritzea negoziatzen ari diren hamahiruak, hain zuzen ere. Talde negoziatzailea osatzearen alde egin zuten UGTk (11 kide enpresa batzordean), CCOOk (zazpi), ELAk (bat) eta CGCk (bat), eta abstenitu egin ziren LAB (lau) eta CGT (bi). Azken bi sindikatu horiek LABen proposamen baten alde bozkatu zuten, zeinak esaten zuen ez ziotela negoziatzaileen izenik eman behar zuzendaritzari.

Sindikatuek eta enpresak aste eta erdi izango dute gehienez erregulazio dosierra negoziatzeko, VWek iraileko 3rako jarri nahi baitu indarrean. Aste horretan, lantegia bost egunez egongo litzateke itxita, eta langabezian geratuko ziren Landabengo 4.600 langileak. Fabrika zortzi egunez itxi nahi dute guztira, baina zuzendaritzak negoziazioan azaldu beharko luke gainontzeko hiru egunak zein izango diren. Sindikatuek, bestalde, argi dute zer negoziatu nahi duten: ahalik eta galera ekonomikorik txikiena jasatea fabrika itxita dagoen egunetan.

Soldata osagarriak

«Langileak ez luke arazoa ordaindu beharko, baina badakigu enpresarekin negoziatzen bada langileek kalte ekonomiko bat izango dutela. Kalte hori txikitzea da helburua», adierazi zuen atzo Enrique Duque CCOOko
ordezkariak. Langileak zortzi egunez langabeziara joanez gero, gehien-gehienek izango dute langabezia saria jasotzeko aukera, baina horrek ez ditu kontuan hartzen langileek jasotzen dituzten osagarriak, antzinatasuna, aparteko sarien ordaina eta halakoak. «Eskatuko dugu enpresak bere kargu hartzeko osagarrien %100».

Sindikatuek aho batez salatu dute enpresaren asmoa, eta egoerara gaizki egokitzea egotzi diote. Izan ere, jakina zen aspaldi diesel motordun autoen salmenta jaisten ari zela. Halaber, ezaguna zen irailaren 1ean indarrean jarriko
zela CO2 isurketak kontrolatzeko sistema berria, eta ordurako motor berriek homologatuta egon behar zutela. WLTP sistemak normal neurtzen du atmosferara isurtzen diren CO2 partikulak, eta batez beste %20 gehiago zenbatzea ekarriko du. Matrikulazio zerga kutsaduraren araberakoa denez, auto gehiagok pagatuko dute zerga.

Dieselari dagokionez, motor hori duten autoen salmenta %12 txikitu zen iaz Hego Euskal Herrian, eta aurten hortik gora ari da makaltzen. Urteko lehen seihilabetean, saldutako autoen %33,4k zeukaten motor hori; urtebete lehenago, %45etik gora ziren.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

45.Aditza aldatu 2