2018(e)ko abenduaren 11(a), asteartea

30. Gure aurkikuntzak


 Nafarroako iparraldeak leku ederrak badituela, asma daitezkeen edertasunez brokatuak ('galkatuak', 'beteak'), guziek dakiguna da. Oren ('ordu') erdi bat Iruñetik goiti joanez gero hasten zaizkigu ikusmenak edertzen, mendiak oihantzen, etxeak zuritzen, koloreak bizitzen, garbitasuna agertzen. Begiak eta bihotza bozkariotzen ('alaitzen', 'pozten') zaizkigu. 

Aurkintza ('leku', 'dermio') menditsuek eta euritsuek berekin daramate edertasuna, hezea landare guzien hazkurria ('elikagaia') eta bizigailua ('bizigaia, janaria') delakotz; gizonarendako hatsa edo janaria bezain baitezpadakoa ('beharrezkoa', 'nahitaezkoa'). Eremu zelai eta idorretan ('lehorretan'), ura dutenez gero, zerukoa edo urbidekoa, lurrak aberatsagoak eta gizenagoak dira, baina begienganako edertasunak uko egiten du. Eta bizkitartean ('hala ere') orotarik behar dugu, bizitzaren beharrei ihardukitzeko ('aurre egiteko'). 

Egin dezagun, irakurleak, zuekin, gure jarraulkitik higitu ('mugitu') gabe, alegiazko bidaia bat Nafarroako xoko batera, Orotz-Betelu eta Garraldan gaindi. Agoiztik haratago, Itoitzen, hasten da erregebide berri bat Orotz-Beteluraino doana. Zenbait kilometro pasatu ondoan agertzen zaizkigu mendi harkaitzak eta ezpeldunak. Bidea gero eta haratago sartzen da mendi arteetan eta azkenean izugarriko zintzur mehargune hertsi batean gara, ohian beltzez estalian, saihetsak patar ('malda handia') xutak eta goratasun handikoak. Zuen aitzinean ikusten duzue zoko ilun bat, inola ere inondik bidea iragaten ahal dena irudi zaizuela, ate gabekoa. 

Eta sorgin edo ifernuko erreka beltz eta hits ('triste') hartan doa Iratiko ibaia edo uhandia! Erregebidea eta ibaia elkar zeharkaka doaz bi xingola ('zinta') mehar irudikoak, eta doi-doia ('justu-justua') iragateko lekua dutenak. Lehenbiziko aldiz ikusi nuenean ene harriduran landatu nintzen, handik ez higitu nahiz ('ez mugitu nahian'). Betiko bihotzean eta gogoan sartzen dena, sekula ahanzten ez dena, aurkintza miresgarri hura! 


Pendoitz ('patarra', 'malda handia') izugarri eta beltz haietan hain dira xut saihetsak, non gainari so egiteko ('begiratzeko') burua arrunt goititu behar da. Eta han, harkaitz kaskoko muturretan dabiltza arranoak ('saiak', 'putreak') beren habien edo ohantzeen ondoan hegaldaka, inguruka, zerbait hiliki barrandatzen ('zelatatzen'). Hango erregeak dira, egiazki, hegazti itsusi horiek. 

Arteka ilun hartatik atera ondoan, emeki-emeki eremuak zabaltzen eta eztitzen dira itsasoko haserrearen ondotik uhinak ematzen diren bezala. Geroxeago agertzen zaigu zelaiño batean, Orotz-Beteluko herri pollita. 

Goazen aitzina eta horra non kausitzen ('aurkitzen') dugun paper-olako auzoa, lantegi eder batzuekin, eta etxe xuri ederrak inguruan. Han ere badira mendi zuhaitzdunak, eta gain zabal bat bere naza ('erretena', 'antapara') handiarekin, olako tresnak higitzen dituenak. Toki arras ederra eta goxoa. 

Abia gaitezen Garralda aldera eta berehala sartuko gara Nafarroan den harizti ederrenean, erraten dutenez. Asma ezazue nolakoa datekeen oihan hura. Haritzondo gazteak, denak adin berekoak, hagak bezain xuxen eta lerden, goratasun handikoak. Iduri du norbaitek zaindu dituela ondoz ondo, baratze bateko landareak bezala. Bai eta oren ('ordu') bat behar da oinez oihana pasatzeko. 

Azkenean, bihurgune baten ondotik landa, izugarriko pendoitz baten gainean gara. Han, lotsagarri ('beldurgarri') behere hartan, ageri da Irati ibaiaren zilarrezko xingola, xumea. Urrunago ikusten dugu Aribeko herrixka eta eskuinaldean Orhiko kasko zuria lainoz erdi estalia. 

Utz dezagun Aribeko bidea eta sar gaitezen Garraldan gaindi, hor pausu bat eginik behako ('begiratu') bat emateko herri eder horri, xuria eta eliza eder batekin. Eta hemendik Arrobiko bordetaraino den ordoki luze eta mehar hura, mendien artean, ez duzue ikusi? Alta, leku ederrenetarik da, segurki. 

Pentze ('euntzea' 'belar-soroa') eder haietan daude alhan ('larrean') behorrak multxoka, bazka goxo gizenetan hazten eta edertzen direnak, geroxeago Aurizko feria aipatuetan salneurri edo prezio onetan saltzeko. 


Horra irakurleak, nola egin dugun itzuli bat, batere etxetik jalgi ('atera') gabe Nafarroa iparraldean den xoko eder batera. Eta zenbat holako ditugun! Ene luma ez bazait herdoiltzen, bertze bidaiaño bat ere eginen dugu mendiz gaindi. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

45.Aditza aldatu 2